Heldu den abuztuaren 10an, San Lorentzo egunez, Iruña Taldeak ingurutxo berria aurkeztuko du izen bereko karrikako festen ospakizunetan. Arratsaldeko 18:45ean Errekoletak plazan, urtero ohikoa den emanaldian.
San Lorentzo Karrikako besta
|
2015eko Ortzadar eta Iruña Taldearen arteko bazkaria |
Jakina da Iruñean jai eta ospakizun andana ditugula. Auzoetako jaiak, SanFerminak, inauteriak, San Saturnino eguna… Baina hauen guztien artean bada berezia den bat, guretzat bederen: San Lorentzo karrikako besta. Izen bereko santuaren omenezko egunean, Abuztuaren 10an alegia, ospatzen dena. Egun bakarreko jaia izanda ere leku bat du iruindarron Uda parteko agendan.
Iruña Taldea dantza taldeko egoitza San Lorentzo karrikan egonik, taldearentzat betidanik egun berezia da eta urtero arratsaldean emanaldia eskaini izan du. Hiru hamarkadatik goiti ospatu den karrika honetako jaietan beti izan da Iruña Taldea, Euskal Herri osoko dantza tradizioa zabalduz Errekoletak plazako emanaldian.
Aurrekariak
1997an taldearen 25. urtemugaren ospakizunetarako taldeko dantzari ohi batzuk Danzante taldea osatu eta San Lorentzoko dantzak sortu zituzten. XII-XII. mendeetan ohikoagoak ziren Danzante kofradien antzera diardute egun. Orduz geroztik festek badute berezko dantza ziklo bat eta etenik gabe San Lorentzo egunean plazaratzen dituzte.
|
San Lorentzoko Danzanteak |
Jakina da San Lorentzo egunak izan zuela berezko dantza bat aspaldian. Mende batzuk lehenago (eta gaurtik ez oso urruti arte) Iruñeko Arrotxapea auzoko festak ere data beretsuetan eta santu beraren omenez ospatzen baitziren. Garai haietan oso zabaldua zegoen Iruñerrian festetarako maiordomoak edo neska-mutil nagusiak izendatzeko ohitura. Beste arduren artean, festen hasierako dantzan buru izateko ohorea eta ardura ere bazuten. Dantza hura ingurutxoa, soka-dantza, larrain-dantza, dantza-luzea edo nolakoa izanen zen ez dakigu. Baina badakigu egun horretan dantza sozial bat egiteko ohitura zegoela Iruñean.
|
2015eko dantzatu osteko familia argazkia |
Hori aski ongi dokumentatua geratu da Bernardo Apesteguia Domaicak idatziriko “Historia de las Mecetas de un barrio” liburuan. Arrotxapeko dantzaldia Arriasko plazan egiten zen. Errellenoa eta piper-opilak zientoka jaten omen zituzten eta musikariek jotzeko tokia ere piper-opilez apaindu ei zuten.
SAN LORENTZOKO INGURUTXOA
|
2015eko San Lorentzoko korporazioa |
Arrotxapeko dantzaldi horri jarraiki, eta San Lorentzo karrikako besta jendetsua eta parte hartze handikoa izaki, egun honetarako Ingurutxo bat sortzeko ideia burura eraman du Iruña Taldeak.
Iruñeak bertako dantza gutxi ditu egun. Azken hamarkadetan sortutakoei, San Lorentzo bestarako XXI. mendeko dantza soziala gehitu nahi izan dugu gure ekarpen honekin.
Dantza hori egiten zenaren testigantza jasotzea izan da gure sorkuntzaren abiapuntua. Herri dantza bat sortzea izan da helburu eta hori da Abuztuaren 10an aurkeztuko duguna. Musiken sortzaile Aitor Urkiza txistularia izan dugu eta jantzien sorkuntzan jo eta su aritu dena HARI&ARI-ko Aiora Ganuza.
Egungo dantza berria izanik, genero bereizketarik gabeko dantza sortzen ahalegindu gara, bai bikoteen osaketan, jantzietan edota dantzan bertan ere.
Urtero Ingurutxoa plazaratuko dugu, gorputzek, ideiek edota garai berriek bazter batera botatzen gaituzten arte. Dantzak biziak behar dute izan. Bizi luzea San Lorentzoko Ingurutxoari!
Abuztuaren 10an, 18:45ean Errekoletak plazan.
Denak gonbidatuta zaudete.